XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. GIDALIBURUAREN EDUKINA ETA ERABILERA.

Gidaliburu honetan sartzen diren 64 familien deskripzioan eta azalpenean datza obraren egitura.

Haietako bakoitzaren barnean, bertako generoa edo generoak zehazten dira, eta hauen barnean dagozkien espezieak.

Azken unitate taxonomiko hau da, nahiz eta batzuetan subespezieraino jaitsi, obra honetako informazio-unitate oinarrizkoa, eta horregatixe ematen zaio leku gehien.

Espezie bakoitzari buruz, haren ezaugarri morfologikoak deskribatzen dira, loraketaren eta fruitu-ematearen garaia, ekologia, deskribapen geografikoa bai Mundu mailan eta bai Euskal Herri mailan, eta berdin, daudenean, beraren erabilera eta bertuteei buruzko informazioa.

Ahal izan denean beti jarri da espeziearen banaketa-arearen mapa bat eta, beste askotan, haren ilustrazio originala.

Dudarik gabe, badaude hutsarteak, txikiak edo handiak, Euskal Herriko landareen ezagutzan, eta egoera hori Gidaliburu honetan isladatzen da.

Adibide gisa, hor daude konplexutasun taxonomiko handiko zenbait genero, Salix, Rubus edo Rosa, eta horien kasuan beraiei buruz gaur egun daukagun ezagutza-maila azaldu nahi izan da liburuan; bestalde, landareek gure lurraldean duten presentzia eta banaketaren ezagutza oraindik desberdina eta zehaztasun gutxikoa da zenbait lekutan; horren lekuko dira Euskal Herriko florarako azken urte hauetan etengabe azaltzen ari diren espezie berriak eta ondorengoetan ere seguru asko azalduko direnak.

Ez dugu, beraz, gure ezagutzen egoera aurkeztea besterik nahi izan; hauek osatuz joan beharko dute etorkizunean eta balio beza Gidaliburu honek horretarako erreferentzi gisa.

Eragozpen guztion gainetik, gure ustez Gidaliburu honen laguntzaz zuzenki identifika daitezke gure mendi eta haranetako zurezko landare gehienak.

Horretarako, arreta handiz behatu behar da landarea ahalik eta organo desberdin gehien (hostoak, loreak eta fruituak) dauzkanean.

Haien ezaugarrien miaketa zehatzak identifikazio-gako dikotomikoak jarraitzeko bidea emango digu, bertako ilustrazioen laguntzarekin.

Ikerketa horretarako batzuetan beharko da erabili lupa bat eta beste zenbait material (orratza, bisturia edo lantzeta) loreen eta fruituen disekziorako.

Ahal zenean beti saiatu gara identifikazio-gakoetan erraz ikusteko moduko ezaugarriak sartzen, baina beste irtenbiderik ez dagoenean, hor geratzen da ilustrazio-multzo zabal eta xehetu bat jatorrizko erakuskariarekin parekatuz espezie asko arrezagutzeko baliozkoa.

Argi utzi nahi genuke, bestalde, identifikazio-lanak erraztearren gako hauetan goimailako taxonomi entitateei, generoei eta, batez ere, familiei, egotzi zaizkien ezaugarriek Gidaliburu honetako landareentzat bakarrik balio dutela, eta ez derrigorrez haietan sartzen diren gainerantzeko espezieentzat.

Azkenik, komeni da gogoraraztea landareek, izaki bizidunak direnez, badutela beren aldakortasuna, nola morfologian, hala neurrietan, loraldian, etab., horregatik, noiz edo noiz, testuan egozten zaien neurri-bitartetik kanpo gera liteke ale bat edo beste.